Donibane Lohizuneko hiria

Donibane Lohizuneren historia eta honen patu miresgarria hiru ardatz nagusik deskriba ditzakete.

Erret ezteia

1660ean Luis XIV ezkondu zelarik bizi izan zuen Donibane Lohizunek bere ospe garaia. Zeremoniak egutegi zehatz bat jarraikiz iragan ziren.

  • Maiatzaren 8a: Erregeren, Ana Austriakoaren eta Mazarino kardinalaren hirian sartzea;
  • Maiatzaren 25a: hiriari onarturiko pribilegioen berritzea Erregeren eskutik;
  • Ekainaren 6a: Faisan ugarteko elkarrizketa, Pirinioetako itunaren baieztatzea;
  • Ekainaren 9a: ezteiak San Joan Bataiatzailearen elizan.

Kortsarioak

Ingelesen erranen arabera, XVI. mendetik XIX. mendera, Gaskoinako golkoa zinezko “sugegorri habia” bilakatu zuten euskal kortsarioek. Haien urrezko aroa Luis XIVaren eta Luis XVaren erregealdiko gerlen garaian bizi izan zuten. Haien kondu baizik ari ez diren piratak ez bezala, harekin “errepresalia gutuna” zuen kortsarioak Erregeren izenean etsaiaren itsasontziak eraso eta hartzeko baimena zuen.

Kortsario ezagunen artean, hiriak Eguzki Erregeak errezibitu eta zorionduriko Elissagarayren kortsarioak daude, baina baita 1794an Marinako Ministro izaten finituko zuen Jean Albarraldekoa ere. 1856an zendu zen azken kortsario ezaguna, Le Renard Basque ezizenez ezagutzen zen Ixtebe Pellot “Montvieux” izan zen.

Beste berezitasunetan, Dukontenia parkeak izena kortsario bati zor dio: Dukonte kapitaina.

Arrantza

Balearen, sardinaren, bakailaoaren eta hegaluzearen arrantzak egiten zuten euskal arrantzaleen ospea.

Balearen ihizia IX. mendean hasi zen, tokiko ekonomiaren zutabe nagusi bilakatuz. Gaskoinako golkoan zetazeoak eskasten hasi zirenez, euskal arrantzaleak Ipar handira buruz joan ziren.

XVIII. mendean ihizi horren finitzea etorri zen eta baita bakailao arrantzaren gainbehera ere. Haatik, ordu hartan sardinaren arrantza goraldi betean zen, 1950 inguruan hegaluze arrantzak gaina hartuko bazion ere.

Donibane Lohizune historiaz kargaturiko gunez betea da ere.

Hiriaren interes turistikodun guneak

Luis XIV plaza

Eraikin ederrez eta jatetxez inguratua, bizi gehien duen hiriko gunea da. Udak, hiriko bestek, dantzaldiek, suzko zezenak eta kontzertuek festa giroa sortzen dute plaza hartan.

Luis XIV Etxea (Lohobiague-Enea)

Joanes Lohobiague ontzijabearentzat 1643 eta 1649 urte artean eraikiriko etxea nagusitzen da plazan. “Luis XIV” izena eman zioten, 1660ean errege gaztea ezkondu zelarik etxe hartan egon ondoren. Luis XIII estilokoa, hogei bat metroko plano karratua inguratzen duten bi aitzinalde agertzen ditu. Galeriak dituen aitzinaldeak estilo palladiano aire bat ematen dio.

Herriko etxea

1656 eta 1657 urte artean portuaren ondoko eremu zingiratsu batean eraikia, Herriko etxea “U” forma hartzen duen egitura baten baitan da. Historia ttikiak dioenez, garai hartako auzapez zen Jean de Casabielhek, mendekuz, Maria Solek zuen portuaren bista oztopatzeko eraikia izan zen. Izan ere, Joanes Lohobiagueren alargun eta Luis XIV etxearen jabe zenak auzapezaren maitasun keinuei uko egin omen zion eta honek gisa horretan zigortu zuen.e.

Infantearen Etxea (Joaoenia)

Eraikin horretan Maria-Teresa egon zen, 1660ko ekainean eztei zeremoniak iragan zirelarik. Harri eta adreiluzko aitzinalde arrosak jauregi italiarren eitea du.

Ganbeta karrika

Behiala Baionatik Espainiara eramaten zuen bidea zen oinezkoentzako karrika hori, hiriko gune biziki hantatua da. Dendaz inguratua, eraikin zahar biziki ederrak begiratzeko parada ematen du, hauen artean Joakin kortsario ospetsuarena izan zen Gorritienia etxea.

Itsas aitzineko ibiltokia

Hiria itsasoaren erasoetatik babesten duen euste-hormaren hegian hedatzen da. Pasabideek itsas aitzineko ibiltokiko etxeetara iristea ahalbidetzen dute; ikusi beharreko gunea da.

Joan Bataiatzailearen Eliza

Luis XIV.ren eta Maria-Teresa Austriakoa Infantaren eztei zeremonia eliza horretan ospatu zen. Zati zaharrena XV. mendekoa da.

Aldaketa gehienak XVII. mendean egin ziren: saihetseko kaperaren sortzea, koruaren zabaltzea, portale handiaren irekitzea, Erret-bikotea ateratzen ikusi zuen atearen tapatzea eta, azkenik, ezkila-dorrearen goratzea.

Pieza nagusia, XVII. mendean Marin de Bidache eskultoreak eginiko erretaula handia da, dudarik gabe.