Ingurumena eta naturaguneak

Donibane Lohizuneko hiriak bere naturaguneak babes daitezen kasu egiten du.

Artxiloko itsas ezponden naturagune kaltebera

Artxiloko itsas ezponden gunea “naturagune kaltebera” sailkatu zen 2008an, bertako ondarea babesteko eta agerian emateko.

Hiriko zerbitzuek gunea zaintzen, artatzen eta kudeatzen dute.

12 hektareako gunean, Donibane Lohizuneko itsasbazterreko lorategi botanikoa dago, baita paisaia mosaiko ederra ere. Bertako geologia, flora eta fauna ezpondetako eta itsasbazterreko larreetako berezko ezaugarriak dira; bereizgarri horiek eta tokiko historia direla eta, gune zinez ohargarria da.

Etimologiari so eginez, “Artxiloa” honela osatua da: “ar”, harria, eta “xiloa”, ziloa. Beraz, “zilo harriduna” ala “harri, ezponda zilatua” (higadurak, harrobi batek etab. zilatua) erran nahi luke. Jatorria ez da erabat jakina.

Sasoien arabera, hauek ikus daitezke:

  • flyscharen egitura geologikoa eta haren pleguak. Balearen Bizkarra kala leku paregabea da fenomeno geologiko horiek ikusteko,
  • larreak eta bertako espezie enblematikoak: txilar burusoila, lithodora prostata, iratze arrunta, senecio bayonnensis… Ondareko espezie anitz oraino bertan daude, gunearen naturaltasunaren lekuko,
  • saguzar eta txori habiagile eta migratzaile espezie anitz,
  • gunearen historiaren arkitektura- eta paisaia-lekukoak: Donibane Lohizuneko lehen golfetako baten antolamenduak, Artxiloko gurutzea (landareen babesa eskatzen zuten erlijiozko prozesioen etapa) eta Atlantikoko harresiaren aztarnak.

Guneak, ohargarria izanik ere, lazturak ditu. Itsas ezpondak lanjerosak dira. Segurtasun arauak betetzea ezinbestekoa da.

Araudia eta aholku baliagarriak

Itsasbazterreko bidexkan ibiltzeko, naturarenganako eta lurraldea biziarazten duten jendeenganako errespetuz jokatu behar da. Arauak betetzea ezinbestekoa da eta hainbat helburu ditu:

  • Natura babestea: hondakinak biltzeko ontzi bat eraman, zigarreta muturrik ez bota (su eman dezakete), surik ez pitz;
  • Fauna eta flora errespetatzea: bidexka seinalatuetan egon;
  • Leku pribatuetara ez sartzea.

Meteoa: 08 92 68 02 64
Europako larrialdi zenbakia: 112

Itsas ezpondak berriz landareztatzea: Erromardi eta Maiarkon esperimentatzen

Eurite handi batzuen ondotik, lur lehertzea gertatu zen Maiarkoko itsas ezpondan, 2019ko azaroan.

Fenomeno hori eztitzeko, hiriak ezpondak berriz landareztatzeko protokoloa esperimentatu du. Protokoloa itsasbazterreko lorategi botanikoko langileek sortu dute eta hiriko hainbat zerbitzutako langileen laguntzaz plantan eman dute (berdeguneen zerbitzua, zerbitzu teknikoak, giza baliabideen zerbitzua).

Hasteko eta laster, gaztaina-zurezko hesolazko hesia ezartzea erabaki dute. Lurrean etzanik ezarri dituzte, lerratzen zen zinta estaltzeko gisan. Tapiz horren xedea zola higadura areago lezaketen aro txarretarik begiratzea da.

Instalazio horrez gain, hiriko hainbat lekutan, itsasbazterreko larreetako belarrak bildu dituzte, eta tapiz horren azpian zabaldu. Belar hauek hautatu dituzte, itsas langarrak jasaten dituen eta patarrean den ingurune horretako baldintzei egokitu landareen haziak baitaramatzate: zain-belarra, loto-lorea, belarmina, arrhenatherum elatius, beluzea, anthoxanthum odoratum.

Belar horiek zeramatzaten haziak errotu dira. Ondotik, esperientzia bera Erromardin ere egin da.