Herriko etxea euskararen biziberritze prozesu aktibo batean engaiatua da.
2017ko abenduaren 1etik 2023ko abendura indarrean zen Hobekuntza Kontratua izenpetzeak euskara herriko etxeko hainbat zerbitzuetan mailaka sarraraztea ahalbidetu du.
Bestalde, Herriko Etxeak engaiamendu horri oihartzun operatiboa eman nahi izan dio 2021ean euskara teknikari bat kontratatuz eta euskarari eskainitako zerbitzu bat sortuz.
2025eko martxoaren 28an, Herriko Kontseiluaren bilkuran euskararen aldeko engaiamendu adierazpena onartuz, Donibane Lohizuneko Herriko Etxeak irmoki finkatzen du bere hizkuntza politika iraunkortasunean.
Euskararen aldeko engaiamendu adierazpena Donibane Lohizuneko Herriko etxearen engaiamendua euskara biziberritzeko zehazten duen erreferentziazko dokumentua da. Herriko kontseilu osoak sinaturik, 14 engaiamendutan osatzen du Herriko etxearen hizkuntza-politika.
Badira zenbait urte Herriko etxea euskararen biziberritze prozesuan engaiatua dela ekintza konkretuen bitartez: euskara zerbitzu bat sortzea, dokumentuen euskaratzea, seinaletika elebiduna hobetzea… Horrez gain, hainbat erakunde eta elkarteekin elkarlanean ari da.
Bere engaiamendu adierazpenarekin, Herriko etxeak urte anitzeko ekintza planak onartuz gauzatuko den dokumentu bat sortu du. Ekintza plan horiek urtero zehaztuko eta ebaluatuko dira.
Adierazpen horrek azpimarratzen du euskara benetako jendarte-erronka bihurtzeko borondatea, aintzat hartuz, haren irakaspena bultzatuz eta hinzkuntzatik urrun direnak deskubritzera akuilatuz.
14 engaiamenduen artean, zeharkako dinamikak gurutzatzen dira:
- Hizkuntza-politika kolaboratibo eta inklusibo bat garatzea;
- Hautetsiak, zerbitzu administratiboak eta tokiko eragileak inplikatuko dituen urraspide progresibo eta zeharkako bat sustatzea;
- Euskararen sustapena herrian, ekintza konkretuen eta egitasmo berritzaileen bidez;
- Tokiko eragileen laguntza;
- Euskararen aldeko mugimendu sozial eta instituzionaletan parte hartzea.
Adierazpen honen erronka da euskararen iraupena bermatzea eta herritarren behar bereziak kontuan hartzea, betiere behar diren giza eta diru baliabideak inplikatuz ekintza horiek gauzatzeko.
Xedeak
Adierazpen honen xedeak hauek dira:
- Herriko etxean euskararen sustapenerako egin den lanaren bilana egitea;
- Euskara zerbitzuaren ekintzei esparru bat ematea;
- 2025-2028 tartean bete beharreko lehen xede sorta bat finkatzea.
Dokumentuaren sorrera
Dokumentu honek “Engaiamendu adierazpena” izena hartu du eta ez “Euskara Plana”. Engaiamendu morala ere bada, denboran eta ekintza-eremuetan mugarik ez duena.
Euskara biziberritzea denen kontua da: hautetsiak, herriko etxeko langileak, elkarteak,komertsantak eta herritarrak oro har. Horregatik, engaiamendua kolektiboa izan behar da, benetan errealitate bihurtu dadin.
Traineruaren irudikapena
Traineruaren irudiak engaiamendu kolektiboa adierazten du.
Gaur egun lasterketa-ontzi gisa ezaguna den kostaldeko arrantza-ontzi tradizional honek 14 kide ditu: lemazain 1 eta 13 arraunlari, adierazpeneko 14 engaiamenduak bezala.
Ontziaren funtzionamendu egokia bermatzeko, lemazainaren eta arraunlarien arteko harmonia eta sinkronizazioa ezinbestekoak dira. Halaber, hizkuntza-politika eraginkorra gauzatzeko, funtsezkoa da partaide ezberdinen arteko elkarlana eta kohesioa.