Zure habi-kutxa eraiki

Asteburu konfinatuak betetzeko jarduera goxo bat proposatzen dizugu, txorientzako habi-kutxak egitea. Birziklaturiko egurrarekin egindako eredu bat aurkeztuko dugu, paleta batean berreskuratutako zurarekin. Modelo hori kaskabeltz handiarentzat (Parus major L.) egina da, baina beste txori espezie batzuentzat egokitzen ahal da.

Zergatik egin habi-kutxak ?

Ingurune naturalen murrizketaren ondorioz, gero eta habitat edo bizitoki gutiago dago faunarentzat. Era berean, txorien bizitokiak eta elikadura etengabe ttipitzen dira.
Lehentasuna ingurune naturalen atxikitzea da, kudeaketa egoki batekin (zuhaitz hilen atxikitzea adibidez, espezie kabernikolentzat). Habi-kutxak txorien bizi baldintzak hobetzeko egiten dira, ez dituzte inola ere  ingurune naturalean aurkitzen diren bizitokiak ordezkatzen.
Habi-kutxek, hegazti-fauna ikertzeko parada ere ematen digute, behaketa erraztuz, inbentarioak eta zerrendatzeak egiten ahal dira.              
Jakinez amilotx eta kaskabeltzak pinu-beldarraren (prozesionaria) harrapari handiak direla,  itsasertzeko landare-baratze botanikoan, urtero, dozena bat habi-kutxa ematen ditugu. Txori espezie horiei esker, pinu-beldarraren ugaritzea eraginkorki erregulatzen ahal da.        

Kaskabeltz handia pinu-beldar habi bat erasotzen

Behan der materiala

Mailua, zerra/zerra elektrikoa, trepanoa (ezkila-zerra), iltzeak, granpilloiak (u formako iltzeak), abisak, mastika/kola, bihurkina/bihurkin elektrikoa, zulagailua, palankaxka edo beste.

Paletaren desmuntatzea, zuraren berreskuratzea

Paletaren zura berreskuratzeko, egur latak emeki emeki askatu behar dira, mailu eta palankaxka (guk aizkora ttipi bat erabili dugu) batekin delikatuki joz. Lau latarekin, ereduan dugun habi-kutxa bat egin daiteke.

Zuraren mozketa

Gaineko modeloa segituz, latak neurri horietan moztu behar dira :
38,5 cm-ko 2 lata / 29 cm-ko 2 lata / 21 cm-ko 2 lata / 18,5 cm-ko 6 lata / 14 cm-ko 4 lata / 19 cm-ko lata bat

Zuaren lotzea

Beti gaineko modeloa segituz, latak lotu eta kolatuko ditugu. Gure kasuan, lata bikoiztuak ongi atxikitzeko granpilloiak (u formako iltzeak) eta mastika/kola erabiltzen ditugu (argazkiak ikus). Paleten latek normalean 7 cm-ko zabalera dutenez, neurri horietako taulak lortzen ditugu :

  • 38,5 cm luzerako eta 14 cm zabalerako taula bat (laranja kolorez)
  • 29 cm luzerako eta 14 cm zabalerako taula bat (urdinez)
  • 21 cm luzerako eta 14 cm zabalerako taula bat (horiz)
  • 18,5 cm luzerako eta 21 cm zabalerako bi taula (ubelez)
  • 14 cm luzerako eta 14 cm zabalerako bi taula (berdez)
  • 19 cm luzerako eta 7 cm zabalerako taula bat (txuriz), modeloan 5,30 cm-ko zabalera idatzia da baina 7 cm-ko zabalera atxiki daiteke.

Taulak, egun batez idortzen utzi behar dira. Habi-kutxaren eraikitze denbora ttipitzeko, kolatze etapa hori saihesten ahal da, 14 cm zabalerako zur taulak berreskuratuz.

Habi-kutxaren muntatzea

Muntatzea hasi baino lehen, azken mozketa bat egin behar dugu ; taula urdina modu honetan ebaki behar da :

Habi-kutxaren hegaldatze-ziloa, puntuarekin gauzatua den tokian egin behar da, Kaskabeltz handiarentzat 30-32 mm diametroko zilo bat egin behar da trepanoa edo ezkila-zerrarekin. Beste txori espeziei egokitzeko ziloaren diametroa aldatu behar da :

Ziloaren diametroa
Amilotx urdina26-28 mm
Kaskabeltz handia30-32 mm
Etxetxoriak eta buztangorriak36-38 mm

Azpiko modeloa segituz taulak, iltze eta abisekin, elgarri lotu behar zaizkio :

Habi-kutxaren taula bat (azpiko partea adibidez, horiz gure modeloan) abisen bidez lotu beharko da.  Habi-kutxak udazkenero garbitzen direnez, parte bat errazki kentzeko (eta berriz emateko) posibilitatea izan behar da.
19 cm luzerako eta 7 cm zabalerako taula, teilatu gainean finkatu behar da.

Aholkuak eta gomenioak

Habi-kutxetan pausalekurik ez eman, txori gehienek ez dituzte erabiliko, harrapakarientzako aldiz baliagarria izan daiteke. Hegaldatze ziloa gainaldean egin behar da, haize, euri eta harrapakarietarik ahal bezainbat babesteko. Habiak ez tindatu, kolore biziek txoriak uxatzen dituzte.              
Zura ez leundu, egurra latza baldin bada txoriak errazkiago lotzen ahalko dira beren atzaparrekin.
Habi-kutxaren azpialdean ziloak egin behar dira, airea sar dadin egun beroetan/ura aterarazteko euri egunetan.

Txori gehienak territorialistak dira, espezie berekoentzat egokituak diren habi-kutxen artean gutienez 25 metroko tartea utzi. Habi-kutxak ez dira pasaia handiko toki baten ondoan eman behar, eta ez dira zuzenean zuhaitzen gainean iltzatu behar. Soka edo burdinazko hari batekin enborra edo adar bat inguratu, lokailua emateko, bi lata gehitzen ahal dira habi-kutxaren gibelean :

Sasoi bukaeran (udazkenean), habi-kutxen barnea garbitu  eta hustu behar da. Habi-kutxa erabilia izan bada, habi ttipi bat aurkituko duzue. Habi horiek gehienetan, goroldio, belar eta animalia ilez osatuak dira.

Noiz eta non eman habi-kutxak

Udazken bukaeran, negu hastapenean (abendua-urtarrila). Txori anitzek nahiko goiz xerkatzen dituzte habi-tokiak. Hegaldatze-ziloa haize nagusietarik babesturik orientatu behar da. Habi-kutxa, ekialde/hego-ekialde orientazioan kokatu, 2 eta 4 m arteko alturan, etxeen aitzinaldean, enborretan…      
Etxeko animalietatik ahal bezain urrun eman (gatuak bereziki !)

Amilotx mottoduna

Errenferentzia batzuk

Liburuak

  • Nichoirs, abris, mangeoires, Vincent ALBOUY, Édisud (Frantsesez)
  • Palettes récup’, Béatrice d’Asciano, éditions Rustica (Frantsesez)
Kaskabeltz handia eta amilotx urdina